16. zk Buletina Urtarrila   
Aurrerantzean boletina erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Euskera / Castellano
  1. Parkinsonari abesten. Elkarrizketa: Begoña Díez Arrola, ASPARBI – BIZKAIKO PARKINSON ELKARTEKO presidentea
  2. ATE IREKIEN II. JARDUNALDIA
  3. "Uste dut ez nuela inoiz osasun-eremua benetako aukera baten gisa planteatu"
  4. Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko izendapen berriak
  5. LARRIALDIETAKO SEGURTASUN KLINIKOAREN TALDEAREN 10. URTEURRENA. ELKARRIZKETA: MANUEL FERNANDEZ, larrialdietako burua.
  6. OSPITALEKO FARMAZIAKO TEKNIKARIEN EGUNERATZEKO IKASTAROA

Parkinsonari abesten. Elkarrizketa: Begoña Díez Arrola, ASPARBI – BIZKAIKO PARKINSON ELKARTEKO presidentea

Abenduaren 3an, San Eloy Ospitaleko gure erretiratuei egin zitzaien omenaldia eta, ekitaldiarekin amaitzeko, ASPARBIko (Bizkaiko Parkinson Elkartea) korua izan genuen gure artean. Koristek guztiak hunkitu gintuzten eta zur eta lur utzi zuten publikoa errepertorio osoan zehar. Zalantzarik gabe, nork bere burua gainditzearen eta ausardiaren adibide bikaina.

ASPARBI – BIZKAIKO PARKINSON ELKARTEKO presidente Begoña Díez Arrolarekin hitz egiteko aprobetxatu genuen, eta hark Musikoterapiak gaixotasuna jasaten duten pertsonengan eragiten dituen onurak eta elkarteak betetzen duen funtzioa azaldu zizkigun, besteak beste.

- Nola sortu zen elkartea sortzeko ideia? Zer beharrizani erantzuten dio?

1994an, Juan José Zarranz doktoreak, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Neurologiako zerbitzuburuak, parkinsona jasaten zuten paziente batzuen 3 seme-alabari deitu zigun eta Bizkaian parkinson-gaixoentzako elkarte bat sortzearen premiaz hitz egin zigun; horrela hasi zen proiektua.

Urtebetera, beste bi pertsonek elkartea utzi zuten, baina nik bertan jarraitu nuen.

Gaur egun 550 bazkide gara eta gure zentrora 120 eta 150 bazkide artean joaten dira egunero (egunaren arabera), errehabilitazio-terapiak egitera.

Parkinsonen gaixotasuna munduko bigarren gaixotasun neurodegeneratiborik ohikoena da eta, Euskadin, 8.000 pertsonari baino gehiagori eragiten die, horietatik 4.400 Bizkaian.

ASPARBIren helburua da Parkinsonen gaixotasunak eragindako Bizkaiko parkinson-gaixoen eta horien senitarteko nahiz zaintzaileen bizi-kalitatea eta autonomia hobetzea. Horretarako, ASPARBIk diziplina anitzeko talde bat du, eta hark zentrora joaten diren erabiltzaileen jarraipen integrala egiten du.

- ASPARBI Erabilera Publikoko elkarte baten gisa aitortu dute eta Gizarte Intereseko elkarte izendatu dute. Zer suposatzen du aintzatespen horrek elkartearentzat?

Izendapen horrek sekulako aintzatespen publikoa ematen dio ASPARBIren ibilbideari, eta azken 25 urteetan gizarte- eta osasun-arloetan egindako ekarpenaren garrantzia nabarmentzen du, baita Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte- eta elkarte-ehunaren garapenean eskainiko duen laguntzaren kasuan ere.

Gizarteak aurrera egin du Bizkaian, baita herritarren premiek ere. Testuinguru horretan, ASPARBI aldatu egin da, baita haren jarduteko modua ere, premiekin bat etorriz eta profesionaltasuna, kalitatea eta bikaintasuna oinarritzat hartuta.

- ASPARBIko korua Parkinsonen gaixotasuna jasaten duten pertsonez osatua dago. Horiek elkarteak eskaintzen dituen lantegietako batera joaten dira: Musikoterapiara. Nola sortu zen koruaren ideia?

ASPARBIren lehen korua 2000. urtean sortu zen, garai hartan zeuden bazkideak abestera animatu zituen logopeda bat kontratatu genuenean. 2006an, Juan Jose Ibarretxe lehendakari zela, ASPARBIko korua saritu zuten eta, ordudanik, ASPARBIko koruak abesten eta emanaldiak ematen jarraitu du, bertan izan ditugun profesionalak aldatzen joan arren.

- Parkinsona jasaten duten pertsonek zailtasunak izan ditzakete hitz egiteko orduan: gehiago kostatzen da ahoskatzea, ahotsaren bolumena jaitsi egiten da, hizkera ez da horren arina... Eta, hala eta guztiz ere, korua osatzen duten pertsonek zur eta lur uzten dute publikoa. Zer motatako jarduerak edo ariketak egiten dituzte errehabilitaziorako?

Parkinsonen gaixotasunean, ahotsaren eta hizkeraren nahasmenduek aldaketa garrantzitsuak eragiten dituzte komunikazioan, eta zailtasunak sor ditzakete irensketan. Horretarako, ASPARBIk 4 logopedia-lantegi eskaintzen ditu egunero, taldeko nahiz banako saioetan. Horrenbestez, egunero lan egiten duten bi profesional eta bi jarduera osagarri ditugu, hizkerari eta komunikazioari eragiten dieten arazo guztiak hobetzeko helburuarekin.

Soinua, kantua, erritmoa, ahotsa eta melodia ere lantzen dira Musikoterapian.

- Zer nolako onura terapeutikoak eskaintzen dizkie koruak hura osatzen dutenei?

Koruan parte hartzen duten pertsona guztiek hizkera, tonua eta memoria hobetzen dituzte, besteak beste. Abestien erritmoa erabiltzen dutenean, modu egokian mugi ditzakete eskuak eta oinak. Abestietan arnasketa ere lantzen dute, eta horrek onurak eskaintzen dizkie egunerokotasunean. Era berean, ezin ditugu ahaztu emanaldiek eragindako gizarte-harremanak.

- San Eloy Ospitalean ez ezik, Berangon eta Bilbon aritu zarete, baita Musikaldian bertan ere. Non gehiago entzun ahal izango zaituztegu?

Urte osoan zehar, ASPARBIko koruak hainbat emanaldi eskaintzen ditu Bizkaiko udalerrietan zehar, ilusioz eta gogoz beteta. Gainera, bizirik mantentzen dugu Bilboko Zazpi Kaleetan Santa Agedako bertsoak kantatzearen tradizioa; hori izango da gure hurrengo emanaldia, otsailean.

Baina, zalantzarik gabe, apirilaren 10ean eskainiko dugu gure emanaldirik esanguratsuena eta hunkigarriena, Parkinsonaren Munduko Egunaren bezperan, ASPARBIren 25. urteurreneko ekitaldian. Euskalduna Jauregian izango da, 2.200 pertsonaren aurrean.

 Bazkideak, senitartekoak, lagunak eta Euskadiko erakunde, politika, zientzia, kultura nahiz kirolen arloko pertsona ezagunak izango dira gurekin.

Egun ahaztezina izango da, eta bazkideek abestu eta urte osoan zehar alaitasunez eta poztasunez egindako lan gogorra erakutsi ahal izango dute. Bulkada horrek egunero-egunero terapiekin jarraitzeko indarra ematen digu.

Egun horretan gurekin egon nahi duten pertsona guztiei apirilaren 10eko eguna erreserbatzeko eskatzen diegu. Galarako sarrerak laster jarriko dira salgai, 10 €-ko prezio solidarioan.

- Azkenik, zer esango zenioke Parkinsonen gaixotasuna duen norbaiti, elkartera gerturatu dadin?

Parkinsonen gaixotasuna diagnostikatu dieten pertsona guztiei beren neurologoarekiko eta hark agintzen dien medikazioarekiko konfiantza izan behar dutela esango nieke; ASPARBI tratamendu farmakologiko eta kirurgikoarekiko osagarria da eta, zoritxarrez, betiko bizi beharko dute beren gaixotasunarekin. Gainera, egunero lan egin behar dutela esango nieke, gaixotasunak ahalik eta bilakaerarik motelena izan dezan. Munduko osasun-sistema publiko nahiz pribatu bakar batek ere ez ditu estaltzen ASPARBIk eskaintzen dituen terapia guztiak, pertsona bat gaixotasunarekin biziko den 20 edo 30 urteetan zehar. ASPARBIren urteko bazkide-kuota oso baxua dela esango nieke, hilean 7 euro baino gutxiago.

Laburbilduz, bazkide egitera animatzen ditugu Parkinsonen gaixotasuna duten pertsona guztiak eta gure elkarteak eta lanak eragiten dituen onurengan sinesten duten pertsona guztiak. Urratsa emateko beldurrik izan ez dezala. ASPARBIn kalitate oneko zerbitzu terapeutikoak eta eskuragarriak aurkituko ditu, bere premietara egokituak; horiek ezin hobeto etorriko zaizkio hobeto sentitzeko eta bizi-kalitate on bat izateko. Eta, batez ere, ASPARBIn familia handi bat aurkituko duela jakinarazi nahiko nioke, lagunduta eta babestuta senti dadin.

ATE IREKIEN II. JARDUNALDIA

Minas BHIko ikasleei bideratutako ate irekien lehen jardunaldiak izandako arrakasta ikusita, Barakaldo-Sestaoko ESIa bigarren edizio bat prestatzen ari da otsailerako. Oraingo honetan Barakaldoko eta Sestaoko ikastetxe guztietara zabaldu da eskaintza, eta jardunaldi horretara joatea erabaki dute honako hauek: La Inmaculada, Nuestra Señora de Begoña, San Paulino de Nola, Ángela Figuera BHI eta Behurko BHI. Minas BHIk ere parte hartuko du bigarren edizio horretan, joan den urteko arrakasta ikusita, bertaratuek 8,5 puntutan baloratu baitzuten, batez beste.

Jardunaldian etorkizunean ikasketak adar biosanitarioan egin nahi dituzten DBHko 4. mailako ikasleei zuzendua dago. Ekimen honen bitartez, osasun-eremura hurbildu nahi ditugu ikasleak, sektoreko hainbat profesionalen eskutik, beren egunerokotasuneko lana ikasleei azalduta.

"Uste dut ez nuela inoiz osasun-eremua benetako aukera baten gisa planteatu"

Askotan, ingeniariaren irudia ezezaguna izaten da ospitaleen testuinguruan. Asko ez dira ohartu ere egingo egunerokotasunean egiten duten lanaz, baina ezinbesteko eginkizuna dute erakundeak modu egokian funtziona dezan.

Amaia Alday goi-mailako ingeniaritza industrialean lizentziaduna da, fabrikazioaren espezialitatean, eta abenduan hasi zen Barakaldo-Sestaoko ESIan lan egiten. Amaiak 3 urte eta erdiko esperientzia du industria-inguruneko mantenu eta ingeniaritzaren departamenduetan, eta prestakuntza osagarria du kalitatean, ingurumen eta segurtasunean, eta laneko osasunean. Zaletasunen artean, irakurketa, interiorismoa eta bidaiatzea ditu gogoko.

Inoiz pentsatu al zenuen osasun-eremuan lan egingo zenuela?

Egia esan, beti jakin izan dut mantentze-lanen arloan lan eginda hainbat sektoretan aritu zaitezkeela: ostalaritzan, merkataritzan, industrian... Baina uste dut ez nuela inoiz osasun-eremua benetako aukera baten gisa planteatu. Nire ustez, ingeniariek ez dugu ezagutzen esparru horretan egon daitekeen premia.

Zein dira zure lanaren jarduketa-eremuak?

Kudeaketa da funtzio nagusia, eguneroko mantentze-lanena nahiz egin beharreko obrena. Eskura dugun informazio guztia erabiliz, eta ekipo eta instalazio guztien historikoak aztertuz, aberiei aurrea hartu nahi diegu, hala, horiek ahalik eta gehien murrizteko. Gure lanaren testuinguruan ezinbestekoa da intzidentziak minimizatzea eta, horrelakoak gertatzen direnean, pazienteengan ahalik eta eraginik txikiena izatea.

Zein da ingeniariaren egiteko nagusia Barakaldo-Sestaoko ESIan?

ESI barneko mantentze-lanen ingeniari gisa, elektromedikuntzako eta instalazioetako (klimatizazioa, suteen kontrako sistemak, galdarak...) mantentze-lanen kudeaketa egitea da nire funtzio nagusia, horrekin lotutako beste lan batzuez gain. Hori guztia oharkabean geratzen da askotan eguneroko lanean, baina ekipo asko dira, eta oso garrantzitsuak zentro guztien eguneroko jardunerako. Gainera, kontuan izan behar dugu lan egiteko erabiltzen ditugun instalazio askok horiei atxikitako arrisku potentzial bat dutela eta aldian behin ikuskapenak egin behar direla.

Oro har, nola baloratzen dituzu Barakaldo-Sestaoko ESIko ospitaleak eta osasun-zentroak?

Hobekuntza asko egin dira, eta oraindik ere asko daude azterketa-fasean edo etorkizunean egiteko. Departamendu honetan gogoz lan egiten ari gara profesional guztiek beren lana erosotasunez egiteko baldintzarik onenak izan ditzaten eta, gure zentroetan dauden bitartean, pazienteei eta horien familiei ahalik eta erosotasun handiena eskaintzeko.

Nolakoa da edo izan beharko luke ingeniariaren eta osasun-profesionalen arteko harremanak?

Komunikazioak etengabea izan behar du. Elkarlanean lan egin behar da dena ondo joan dadin. Osasun-profesionalek hautemango dituzte lehenik akatsak eta hobekuntza-puntuak eta, beraz, etengabeko komunikazioak aberia asko saihestu ditzake, bai eta horiek eragindako arazo asko ere. Era berean, guk etorkizunean gauzatuko diren esku-hartze guztien berri eman behar diegu, eta beren ikuspuntua izan behar dugu kontuan, denok gure ikuspuntua eta esperientzia ematen baditugu, balio handiagoa lortu ahal izango dugulako gure esku-hartze guztietan.

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko izendapen berriak

Osakidetzako Administrazio Kontseiluak, María Pilar Uriarte Giza Baliabideetako zuzendari nagusi eta José Ramón Calonge Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko zuzendari ekonomiko berri izendatzea onartu du.

Maria Pilar Uriarte Brizuelak Juan Carlos Soto ordezkatuko du Giza Baliabideen zuzendariaren karguan, eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian sartuko da, azken urteotan Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko langileen zuzendariorde-lanetan jardun ondoren; aurretik, halaber, langileen zuzendari eta zuzendariorde izan da Galdakaoko Ospitalean. Filosofiako eta Hezkuntza Zientzietako lizentziatua da Uriarte; profesionala da eta kudeaketa-ezagutza ugari ditu giza baliabideen eremuan, eta ibilbide luzea Osakidetzan.

Bestalde, Jose Ramón Calonge Balzak bere gain hartu du Osakidetzako zuzendari ekonomikoaren postua; Ricardo Ituarteren ordez jardungo du postuan. Goi-mailako Industria Ingeniaritzako doktorea da Jose Ramón Calonge; zuzendari exekutiboa izan da zenbait enpresa publiko eta pribatutan, eta aditua da Bikaintasunean eta Erabateko Kalitatean. Halaber, irakaslea da Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean.

LARRIALDIETAKO SEGURTASUN KLINIKOAREN TALDEAREN 10. URTEURRENA. ELKARRIZKETA: MANUEL FERNANDEZ, larrialdietako burua.

Barakaldo-Sestaoko ESIko Larrialdietako profesionalek Segurtasun Klinikoaren Taldea sortu zuten duela hamar urte, San Eloy Ospitaleko Larrialdietan pazientearen segurtasuna hobetzeko xede nagusiarekin. Hasieratik, hainbat hobekuntza egin dira pazientearen segurtasuna hobetzeko helburuarekin. Taldea jardunbide egokien eta PSAJIS (Pazientearen Segurtasun Arloak Jakinarazteko eta Ikasteko Sistema) plataformaren erabilera egokiaren adibide da; izan ere, harekin lan egiten dute beren helburuak lortu ahal izateko. 

1) Egun on. Noiz sortu zen Segurtasun Klinikoaren Taldea eta zertan datza?

 Larrialdietako Segurtasun Klinikoaren taldea 2009ko urrian sortu zen. Honako hau jasotzen da lehen aktan: Bilera honen bitartez, eratutzat jotzen da lantaldea, San Eloy Ospitaleko Larrialdietan pazientearen segurtasuna hobetzeko. Talde horrek jarraian adierazten diren helburuak izango ditu:

- Larrialdian segurtasun-kultura bat bideratzea, larrialdian artatutako pazienteen segurtasunaren hobekuntza sustatzeko

- Larrialdiko pertsonen aldetik intzidentzien jakinarazpena sustatzea, segurtasuna hobetzeko erreminta erabilgarri gisa

- Larrialdietako zerbitzuan jakinarazten diren pazientearen segurtasunarekin lotutako intzidentziak aztertzea

- Hobekuntza-ekintzak planteatzea, segurtasunarekin lotutako intzidentziak sortzeko arriskua saihesteko edo murrizteko

- Intzidentzien azterketatik sortutako jardunbide egokiak eta hobekuntza-ekintzak hedatzea

Taldea osatzen duten pertsonak aldatzen joan dira denbora igaro ahala, baina diziplina anitzeko taldearen formatua bere horretan mantendu da beti, larrialdietako zerbitzuan lan egiten duten kolektibo guztietako ordezkariekin.  Urtean 2 edo 3 bilera egiten ditugu eta, horietan, larrialdietan lan egiten duten langileek PSAJIS (Pazientearen Segurtasun Arloak Jakinarazteko eta Ikasteko Sistema) bidez jakinarazi dituzten intzidentziak aztertzen ditugu, baita larrialdietan gertatu diren baina beste zerbitzu batzuetatik jakinarazi diren segurtasun-intzidentziak ere.

2) Badakizu beste ospitale batzuetan ere hala egiten duten?

Badakit beste ospitale batzuetako larrialdietako zerbitzuek ere antzeko taldeak dituztela, baina ez dakit taldea zenbat pertsonek osatzen duten edo bilerak zenbatetan egiten dituzten edo nola funtzionatzen duen.

3) Osasun-langileek nola erregistratzen dituzte intzidentziak?

 Intzidentziak PSAJIS aplikazioaren bitartez jakinarazten dira. Hurrengo egunetan, intzidentziaren irakurketa egiten da, premiazko neurriren bat hartu behar den ala ez erabakitzeko; hala ez bada, taldeak hurrengo bileran aztertzen du kasua.

4) Nola hedatzen dira emaitzak eta hartutako neurriak?

Jakinarazitako intzidentziak aztertu ondoren. Kasu batzuetan, aldaketak erabaki dira asistentzia-prozeduretan, baita egiturazko aldaketak ere. Horiek langileei jakinarazten zaizkie, batzuetan, informazio-saioen bitartez eta, beste batzuetan, mezuen eta informazioaren bitartez, larrialdietako gelan kokatutako tauletan.

- Hona hemen intzidentzien azterketan oinarrituz sortu diren zerbitzuan hartutako neurri batzuk:

- Medikazioa isoaparientzia bidez erretiratzea eta/edo birkokatzea.

- Hemokultiboak eskatzeko eta ateratzeko protokoloa aztertzea eta aldatzea.

- Larrialdietan erorikoak saihestea, laguntza eskainiz eta, boxen gunean, pazienteei nahitaezko babes-barrak jarriz.

- Laginak jaso eta laborategira bidaltzeko protokolo-aldaketak.

- Zaintzen jarraitutasuna erraztea eta ospitaleratzeetan gertakariak saihestea, ospitaleratzean, egiaztapen-zerrenda eginez.  

- Pazienteak beste zerbitzu batzuetara bideratzean, zirkuituak eta protokoloak aldatzea.

 

Elkarrizketa hau San Eloy Ospitaleko Larrialdietako Adjuntu Juajo Zafrak egin du.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Buletinetan parte hartzeko eskabidea
  2. PSAJIS SARBIDEA

OSPITALEKO FARMAZIAKO TEKNIKARIEN EGUNERATZEKO IKASTAROA

Azaroaren 12an, Ospitaleko Farmaziako Teknikarien Eguneratzeko Ikastaroa abiarazi zen, erdi-mailako Farmazia eta Dietetika zikloa ematen duten irakasleentzat. Ikastaroaren helburua irakasleen Ospitaleko Farmaziari buruzko ezagutzak eguneratzea da, gero, ezagutza horiek modulu horietako batzuen programazioetan txertatu ahal izateko.

Miren Argiñe Martinez (San Eloy Ospitaleko Farmazia eta Laborategiko teknikaria) eta Miren Arantzazu Lejarza (farmazialaria eta Urdulizko Ospitaleko Farmazia eta Laborategiko teknikaria) izan ziren prestakuntzaren arduradunak. Ikastaroa lau saiotan gauzatu zen, horietako azkena San Eloy Ospitalean.