14.zk Buletina- Azaroa  
Aurrerantzean boletina erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Euskera / Castellano
  1. ISABEL MALMIERCA GARCÍA ESIko ERIZAINTZAKO ZUZENDARI BERRIARI ELKARRIZKETA
  2. "Bronkiolitis akutua: Gutxiago gehiago da" Beharrezkoak ez diren farmakoen erabilera erdira jaistea lortu duen proiektua
  3. KONGRESUAK ETA SARIAK
  4. Komunikazio onenaren 1. saria Kalitate Asistentzialeko Espainiako Elkartearen XXXVI. Kongresuan
  5. JARDUNALDI ZIENTIFIKOA: IV. AKEB KONEKTA JARDUNALDIA
  6. BBBko Espainiako Kontseiluaren II. Kongresu Nazionala
  7. IV. Jardunaldia SEMES BAME Euskadi
  8. ESIko profesionalek idatzitako artikulu bat argitaratu du «Metas de Enfermería» aldizkariak
  9. JARRI TXERTOA GRIPEAREN AURKA

ISABEL MALMIERCA GARCÍA ESIko ERIZAINTZAKO ZUZENDARI BERRIARI ELKARRIZKETA

Euskal Herriko Unibertsitatean lortu zuen Erizaintzako diploma eta Osasun Publiko espezialista da Isabel Malmierca. Abuztutik, gainera, Barakaldo-Sestao ESIko erizaintzako zuzendari berria da.

Bere ibilbide profesionala Bilbo-Basurtu ESIarekin lotuta dago, bertan gainbegirale-lanak egin baitzituen medikuntzako, kirurgiako, egonaldi laburreko edo arriskurik gabeko unitateetan, besteak beste. 2014tik, gainera, Bilbo-Basurtu ESIko Ospitaleratze Unitateko erizain laguntzailearen postua hartu zuen, bertan lau urte eta erdi eman eta gero. 

Isabelek familiako pertsonatzat du bere burua, eta maiteminduta dago mendiarekin eta lotutako kirol guztiekin. Sarritan praktikatzen ditu. 

Zein da Bilbo-Basurtu ESIaren eta gurearen artean aurkitu duzun alderik handiena?

Egia esan, oso denbora gutxi pasatu dut hemen, eta orain arte alde baino antzekotasun gehiago ikusi ditut. Alderik handiena, iritsi berritan atentzio gehien eman zidana, zera da: profesionalek oso ongi ezagutzen dutela elkar.

Zer unetan erabaki zenuen erizain asistentzial izatetik kudeatzaile izatera pasatzea?

Duela urte batzuk egin zidaten eskaintza. Orduan sorpresa handia izan zen, gaiaren inguruan hausnartu ez nuelako. Asko pentsatu nuen, alderdi asistentziala biziki gustuko baitut, baina azkenean erronka interesgarri bat izango zela pentsatu nuen, eta baietz esatea erabaki. Gaur egun, uste dut asmatu egin nuela erabaki horrekin, kudeaketak «harrapatu» egiten zaituelako.

Zer ildo estrategiko izango ditu Erizaintza Zuzendaritzak hemendik aurrera?

Erizan gisa, gero eta erronka eta konpromiso gehiago hartu behar ditugu geure gain, zaintzen dugun gizartearekiko. Ildo estrategikoak, beraz, zaintzen dugun gizarteari begirakoak izan behar dira eta, aldi berean, erabakita datozkigun estrategiekin bat egin behar dute.

Lan horretan duela gutxi hasi zarela kontuan hartuta, zer alderdi ari zara lehenesten?

Oraindik ere eguneratzen ari naiz, giza baliabideei eta materialei dagokienez, baita erizaintzako langileen eta diziplina anitzeko taldeen arteko komunikazioei eta koordinazioari dagokienez ere.  Informazioa biltzen ari naiz, erakundearen indarguneak identifikatzeko asmoz. Horrela, indargune horiek sustatuko ditugu, helburuak lortzeko lagungarri izan daitezen.

Ba al da Barakaldo-Sestao ESIan bereziki sendotu nahiko zenukeen proiekturik?

Nire lankide askorekin batera dudan nahi bat da erizaintzako zainketen ikusgarritasunaren gaia. Uste dut garrantzitsua dela zainketen balioa aitortzea asistentziaren, irakaskuntzaren eta kudeaketaren eremuan, zaintzen ditugun pertsonen ongizaterako eta independentziarako lagungarriak baitira, hala Lehen Mailako Arretaren eremuan nola ospitaleetan.

Ondorioz, zainketak sustatu nahi nituzke: jendeak horiei buruz hitz egitea, horiei buruz pentsatzea, daukagunaren irakurketa kritikoa egitea ebaluazioa egiteko, hausnartzeko eta aldaketak egin ahal izateko, zainketa bikain batzuetara hurbiltzen joateko.

Gainera, gai izan behar dugu frogatzeko nola eta zergatik duten eragina zainketa on horiek osasun eta ongizatearen alorreko emaitzetan. Eta, lan horri guztiari dagokionez, nire ardura da zainketa horiek eraldatzen laguntzea, ildo horretako esku-hartzeak sustatuz, bultzatuz eta martxan jarriz.

"Bronkiolitis akutua: Gutxiago gehiago da" Beharrezkoak ez diren farmakoen erabilera erdira jaistea lortu duen proiektua

Bronkiolitis akutua arnas infekzio bat da, bi urtetik beherako neska-mutilek izaten dute eta epidemia moduan sortzen da batez ere urritik martxora bitartean. Bizkaian 2017-2018 denboraldian 2.600 kasu artatu ziren lehen mailako arretan eta 1.500 Pediatriako larrialdi-zerbitzuetan, horietatik % 12k ospitaleratzea behar izan zuten.

Gaur egun ez dago gaixotasun horren tratamendurako botika eraginkorrik, baina badira diagnostikoari eta tratamenduari buruzko gomendio uniformeak biltzen dituzten jardunbide klinikoko gidaliburuak erabilgarri.

Hala ere, "gehiegi" jotzen da beharrezkoak ez diren botiketara eta esku-hartzeetara, eta hori ez dator bat jardunbide klinikoko gidaliburuetako gomendioekin. Horrela, hasiera batean haurren arreta hobetzeko eta beharrezkoak ez diren farmakoak erabiltzea saihesteko, 2016-2017 denboraldian Barakaldo-Sestao eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta erakundeetako profesionalek hobekuntza-neurri batzuk jarri zituzten abian. Lehenbizi, gidaliburuetako gomendioak helarazi ziren diagnostikoari eta tratamenduari buruzko protokolo bat hedatuz, eta, ondoren, bronkiolitis akutuaren inguruko jakintzak eguneratu ziren eta profesionalei helarazi zitzaizkien, farmakoen erabileraren berri emanez.

Handik urtebetera, 2017-2018 epidemian, bigarren hobekuntza-ziklo bat planifikatu zen, eta Gurutzeta Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Larrialdietako Zerbitzua atxiki zitzaion. Ekintza nagusiak jardunbide egokiei buruzko kontzientzia sortzera bideratu ziren, eta, horretarako, posterrak banatu ziren bronkiolitis akutuaren tratamenduan funtsezkoak diren mezu batzuk zabaltzeko, baita txapak ere Bronkiolitis akutua: gutxiago gehiago da leloarekin. Eta, gainera, etengabe gogoratu ziren osasun-zentroetan agindutako botikei buruzko datuak. Bi fase horien ostean gaixotasunaren tratamendurako beharrezkoak ez diren farmakoen erabilera % 50 baino gehiago murriztea lortu da hobekuntza-plana aplikatu den bi erakundeetan.

Equipo en ruta lelopean abian jarritako 2018-2019 kanpaina honetan emandako urratsetako garrantzizkoena izan da familiak eta osasun-arloko profesionalak inplikatzea hobekuntza-proiektuan, helburu bateratu batekin: arreta uniformizatzea lortzea. Horrela, gaixotasun hori duten seme-alabak dituzten gurasoen esperientziak bildu dira, eta zer-nolako arreta jaso duten, euren iritziak eta sentimenduak zein diren eta zer behar planteatzen dituzten jakin da. Horrekin guztiarekin Bronkiolitis Akutuaren Bide Asistentziala: Lehen mailako arreta eta Pediatriako Larrialdiak dokumentua landu dute adierazitako bi osasun-erakundeen artean koordinatuta.

Hori ezartzeko hainbat material argitaratu dira, eta bertan jaso dira familientzako prebentzio-neurriak, informazioa eta aholkuak. Horrez gainera, www.esano.eus webgunea prestatu da gurasoek gaixotasunaren tratamenduan garrantzizkoak diren gauzak ikas ditzaten, besteak beste, arnasketaren kontrola edo sudurreko garbiketak.

KONGRESUAK ETA SARIAK

Komunikazio onenaren 1. saria Kalitate Asistentzialeko Espainiako Elkartearen XXXVI. Kongresuan

Urriaren 17an, 18an eta 19an Kalitate Asistentzialaren XXXVI. Kongresua egin zen Burgosen. Urtero antolatzen den topaketa horretan osasungintzako kalitate asistentzialaren alorreko jarduera profesionala hobetzeko jardunbide egokien berri ematen da.

Edizio honetan, Barakaldo-Sestao ESIak 4 komunikazio aurkeztu ditu: «Erorikoen prebentzioa: eremutik pazientera», Ana de Prado Basterricaren eskutik; «Gardentasunetik aurrera egiten interes-taldeekiko harremanetan», Mikel Buruaga Berrojalbizek aurkeztua; «Eskolan osasuna eraikiz», Vanesa Martín Gonzálezen eskutik eta «Bronkiolitisa: gutxiago gehiago da», Marta Montejo Fernández doktoreak aurkeztua. Azken horrek komunikazio onenaren 1. saria eskuratu zuen, 600dik gora hautagaitzaren artetik.

Montejo doktoreak esan digunez, «Bronkiolitisa: gutxiago gehiago da» proiektua gaixotasun hori duten haurren arreta hobetzeko asmoarekin sortu zen, bai eta familiengan horrenbesteko eragina duen gaitz hori ezagutzera emateko ere. Pediatrak aitortzen du saria jaso badu lantalde bikain baten eta Lehen Mailako Arretako lankide pediatra guztien inplikazioari esker izan dela: «Milesker lantaldeari eta horren parte diren familiei... Elkarrekin, aurrera egiten duen talde bat osatzen dugu!»

JARDUNALDI ZIENTIFIKOA: IV. AKEB KONEKTA JARDUNALDIA

Joan den urriaren 4an Gasteizen antolatu zen Kalitate Asistentzialaren Euskal Batzordearen jardunaldia. Bertan, bi ponentzia aurkeztu zituzten Barakaldo-Sestao ESIko profesionalek: «Business Model Canvasen erabilera zerbitzu baten kudeaketa berritzeko tresna gisa», Prebentzio Medikuntzako Margarita Viciola García doktorearen eskutik; eta «Nola murriztu beharrik gabeko tratamenduak bronkiolitis akutua duten bularreko haurren kasuan», Marta Montejo Fernándezek aurkeztua. Bi aurkezpen horien kalitatea eta berrikuntza aipatu behar ditugu, bai eta gure ESIan duten berehalako aplikagarritasun praktikoa ere, dela kudeaketan dela alor klinikoan.

BBBko Espainiako Kontseiluaren II. Kongresu Nazionala

Urriaren 19an eta 20an BBBari buruzko kongresu hori egin zen Málagan. Bertara joan zen Ana Lourdes Iglesias Sainz doktorea, «Bihotz-biriketako berpiztea eskolara hurbilduz» izeneko komunikazioa aurkeztera.

Nabarmentzekoak dira aurkezpen horren kalitatea eta aplikagarritasun praktikoa, bai eta erakusten duen prestakuntza eta ahalduntze sozialaren eredua ere.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Aurkeztutako Posterra

IV. Jardunaldia SEMES BAME Euskadi

Urriaren 25ean SEMES (Sociedad Española de Medicina de Urgencias y Emergencias) Elkarteko Egoiliarren Lan Taldeak Eibarren egin zuen IV. Jardunaldia SEMES BAME. Bertan Juan José Zafra Sánchez doktoreak, San Eloy Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzuko mediku adjuntuak, "Ecografía pulmonar en la patología tromboembólica" txostena aurkeztu zuen. Jardunaldian, txostenez gain, tailerrak  eta BAME komunikazioen lehiaketa bat ere egin ziren.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Programa

ESIko profesionalek idatzitako artikulu bat argitaratu du «Metas de Enfermería» aldizkariak

«Laguntzeko arauetarako lehentasunak ospitaleko larrialdietako zerbitzuan» da artikuluaren izenburua, eta idazleak honako hauek izan dira: Ana María García Cagigal, San Eloy ospitaleko erizaina; David Arroyo Lamas, ospitale horretako erizaina eta Osasun Publikoko masterraren tituluduna; eta María Livia Llorca, Familiako eta Komunitateko Erizaintzako espezialista Gurutzetan.

 Ikerlana San Eloy ospitaleko larrialdietako zerbitzuan egin zen, eta xedea zen jakitea zer iritzi zuten ospitaleko larrialdietako zerbitzuen bisita eta laguntzetarako lehentasunen inguruan pazienteen laguntzaileek eta inplikatutako profesionalek. 

Jarraian aldizkariaren PDFa atxiki dizuegu, gehiago jakin eta ikerlan interesgarri horren ondorioak ezagutu nahi dituztenentzat (67. or)metas218.pdf

JARRI TXERTOA GRIPEAREN AURKA

Abian da 2018ko gripearen kontrako txertaketa-kanpaina, abenduaren 5era arte iraungo duena. Dakizuen bezala, langile sanitarioak dira txertaketaren xede-populazio nagusietako bat, haurdunekin, 65 urtetik gorakoekin eta gaixo kronikoekin batera. Txertoa jarrita, eredu izango zara eta pazienteak, zure senide eta lankideak eta, azken finean, osasun kolektiboa babestuko dituzu.

Txertaketa errazteko, Prebentzioko Oinarrizko Unitatera hurreratu (San Eloy Ospitaleko 3.solairuan) honako ordutegian: 8:15-10:15 eta 13:30-14:30. Ordutegiz kanpo etorri nahi baduzu, harremanetan jarri Unitatearekin telefono honen bidez 884640. 

 

Erlazionaturiko Loturak

  1. Prentsa Oharra
  2. Vaxigrip fitxa teknikoa