21. zk Buletina Abuztua  
Aurrerantzean boletina erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Euskera / Castellano
  1. GURE ESI-KO BI EMAGINEK ARTIKULU BAT ARGITARATU DUTE IZEN HANDIKO ALDIZKARI ESPEZIALIZATU BATEAN
  2. LANEN AURRERAPENA
  3. PAZIENTEAREN SEGURTASUNARI BURUZKO II. ASTEA
  4. 2019KO PROGRAMA KONTRATUA
  5. GAME-BASED LEARNING: LIDERGO-GAITASUNAK GARATZEN
  6. BA AL ZENEKIEN OSAKIDETZATIK KANPO ERE SAR ZAITEZKEELA INTRANETERA ETA POSTA ELEKTRONIKO KORPORATIBORA?
  7. OSAKIDETZAREN LEHEN SEIHILEKOAREN BALANTZEA

GURE ESI-KO BI EMAGINEK ARTIKULU BAT ARGITARATU DUTE IZEN HANDIKO ALDIZKARI ESPEZIALIZATU BATEAN

Markonzagako eta Zuazoko osasun-zentroetako emagin Carmen Paz Pascualek eta Isabel Artieta Pinedok ikerketa-artikulu bat argitaratu dute BMC Pregnancy and Childbirth aldizkarian. «Consenso sobre prioridades en materno educación: Resultados de Delphi y de técnica grupal nominal» du izena artikuluak, eta ama izateko prestaketan garrantzitsuenak diren gaiak identifikatzea eta lehenestea du helburu, aintzat hartuta prestaketa horrek alderdi asko hartzen dituela: haurdunalditik hasita haurrak hazteraino.

Hemen eskura dezakezue artikulua. Zorionak lan handiagatik!

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Irakurri artikulua hemen

LANEN AURRERAPENA

Urtero bezala, dela osasun-zentroetan, dela ospitalean hainbat hobekuntza egiteko aprobetxatzen du uda gure ESIak. Aurten, bada, 6. solairua itxi dugu geletako bainugelak zaharberritzeko (aurreikusten denez, irailean irekiko da berriro). Horrez gain, hobekuntza hauek egin ditugu ebakuntza-gela eta unitateetan:

- 1. eta 2. ebakuntza-gelak: zorua eta paretak aldatzea.

- 3., 4. eta 5. ebakuntza-gelak: lanpara berriak instalatzea.

- Esterilizazioa: ekipamendu berria.

- Zainketa berezietako unitatea (ZBU): oheburukoak eta zoruak aldatzea.

Bestalde, Osakidetzaren irisgarritasun-planaren barruan, ospitaleko erabiltzaileen bainugelak egokitzen ari gara eta, aurreikusten denez, irailean halla zaharberrituko dugu.

Osasun-zentroei dagokienez, barandak jarri ditugu eta hobekuntzak egin ditugu larrialdietako ateetan. 

PAZIENTEAREN SEGURTASUNARI BURUZKO II. ASTEA

Irailaren 16tik 20ra, zenbait ekintza egingo dituzte Osakidetzako erakundeek Pazientearen Segurtasunaren Mundu Egunean. Joan den urtean bezalaxe, gure ESIak parte hartuko du jardunaldian, Barakaldoko eta Sestaoko erabiltzaileak norberak bere segurtasunean parte hartzeak duen garrantziari buruz sentsibilizatzeko.

Jarduerok egin ahal izateko, ezinbestekoa da zuen lankidetza. Horregatik, gure ESIan jarriko diren informazio-puntuetan boluntario aritzera animatzen zaituztegu.  Hona hemen joan den urteko Pazientearen Segurtasunaren Asteko zenbait irudi.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Eskuliburua irakurri

2019KO PROGRAMA KONTRATUA

Urtero bezala, Programa Kontratuaren dimentsioen autoebaluazioa egiten du gure ESIak maiatzetik irailaren erdialdera. Urtero sinatzen dugu kontratua Osasun Sailarekin, eta gure finantzaketa-iturria da. Aipatu autoebaluazio-aldia amaitu ondoren, urriaren eta azaroaren artean, Saileko eta beste ESI batzuetako pertsonek osatutako talde batek ebaluatuko gaitu. Arreta integratua, pazientearen segurtasuna eta itxarote-zerrendak ebaluatuko dituzte, beste arlo batzuen artean.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Informazio gehiago

GAME-BASED LEARNING: LIDERGO-GAITASUNAK GARATZEN

Aurtengo bigarren seihilekoan, liderrei game-based learning metodologiaren bidez prestakuntza ematen jarraituko dugu. Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako prestakuntza-eskaintza honek gaitasunak indartzea du helburu; tartean, hauek: negoziazioa, denboraren kudeaketa eta gatazken ebazpena. Bideo-joko formatuan oinarritutako online metodologia eskaini du Zuzendaritza Nagusiak, bai eta gai berari buruzko aurrez aurreko ikastaroak ere, Bilbon. Prestakuntza-eskaintza hori Liderbide proiektuaren barruan dago –iaztik gauzatzen ari gara gure ESIn–.

BA AL ZENEKIEN OSAKIDETZATIK KANPO ERE SAR ZAITEZKEELA INTRANETERA ETA POSTA ELEKTRONIKO KORPORATIBORA?

Oro har, intranetera eta posta elektronikora ohiko postuko ordenagailutik sartzen gara Osakidetzako profesionalak, baina aukera dago ere beste ordenagailu batetik sartzeko, erakundetik kanpo gaudela.

- Posta elektroniko korporatibora sartzeko:

1.- Edozein nabigatzailetik (Internet Explorer, Mozilla Firefox, Chrome, Safari…), idatzi helbideen barran URL hau:

https://correo.osakidetza.net/owa

2.- Erabiltzailea eta pasahitza eskatuko dizkizun pantaila bat agertuko da (erabiltzailea eta pasahitza Norbidekoak izango dira; hau da, ordenagailura sartzeko darabiltzagunak). Gomendagarria da erabiltzailearen (NAN + letra) aurretik OSAKIDETZA eta alderantzizko barra idaztea; alegia: OSAKIDETZANAN (letra eta guzti).

3.- Hori idatzi ondoren, sakatu ENTER edo egin klik saioa hasteko botoian. Erabiltzailea egiaztatu ondoren, posta elektronikoko hasierako pantailara sartuko gara, barruko web-postaren berberera.

Intranetera sartzeko bi aukera daude:

1.- Nabigatzailearen helbide-barran honako URL hau sartzea:   https://www.osakidetza.eus/sites/Intranet

2.- Osakidetzaren webgune berritik sartzea:   https://www.osakidetza.euskadi.eus/

Ondoren, NANa eta pasahitza eskatuko dizkizun pantaila bat agertuko da (erabiltzailea Norbidekoa izango da; hau da, lanpostuko ordenagailura eta, beraz, Osakidetzaren informazio-sistemetara sartzeko darabilguna).

OSAKIDETZAREN LEHEN SEIHILEKOAREN BALANTZEA

Osakidetzako zuzendari nagusi Juan Luis Diegok 2019ko lehen seihilekoaren balantzea aurkeztu zuen joan den hilean. Ondorio nagusien artean, zera nabarmendu du: itxarote-zerrendak egonkortzea lortu da, eskaera gero eta handiagoa bada ere –biztanleria zahartzen ari da–, anestesia- eta kirurgia-tekniketan izandako aurrerapena dela-eta paziente gehiagori ebakuntza egiteko gaitasuna dugulako.

Analizatutako adierazleen artean, itxarote-zerrendak nabarmendu behar dira. Hona hemen ESI guztiak eta Osakidetzaren batezbestekoa konparatzen dituzten taulak.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Txosten osoa irakurri hemen