19. zk Buletina Ekaina  
Aurrerantzean boletina erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Euskera / Castellano
  1. BARAKALDO-SESTAOKO ESI-REN VI. JARDUNALDIA «OSASUN-EMAITZETATIK ONGIZATERANTZ»
  2. ELKARRIZKETA: Juan Manuel Sanzo, Kudeaketa Sanitarioko Unitateko burua
  3. ORDENAGAILUAK BERRITZEA ETA WINDOWS 10ERAKO MIGRAZIOA
  4. «SAN ELOYKO LARRIALDIEN PARTE-HARTZEA SEMES-EN XXXI. KONGRESU NAZIONALEAN»
  5. BRONKIOLITIS AKUTUA: Ibilbide Asistentzialaren Mailaketa Tailerra
  6. BARAKALDO-SESTAO ESIko LANKIDEEK PARTE HARTU DUTE MINARI AURRE EGITEARI BURUZKO IV. JARDUNALDIAN

BARAKALDO-SESTAOKO ESI-REN VI. JARDUNALDIA «OSASUN-EMAITZETATIK ONGIZATERANTZ»

Clara Campoamor kultura-etxean egin zen Barakaldo-Sestaoko ESIren Jardunaldia.

Ekainaren 4an antolatu zen Barakaldo-Sestaoko ESIren VI. Jardunaldia, «Osasun-emaitzetatik ongizaterantz» goiburupean. Oraingo honetan bi gai nagusi landu ziren: osasun-emaitzak eta zahartze aktiboa. 

Jardunaldia aurkezteaz arduratu ziren Oskar Vázquez erizaintzako laguntzailea eta Ana Varona Markonzagako osasun-zentroko gainbegiralea. Julen Ballester Zárraga erakundeko zuzendari gerenteak eman zion hasiera ekitaldiari eta, bertaratutakoei eskerrak eman eta gero, EEC ESIko Kalitate eta Berrikuntzako zuzendariorde Inés Gallego Camińari eman zion hitza. Inések eman zuen lehen hitzaldia, «Balioan oinarritutako medikuntza» izenburukoa. Nabarmendu zuenez, garrantzitsua da nazioarteko estandarrak ezartzea erabiltzailearen esperientzia neurtzeko, pazientearen tipologiaren arabera (ICHOM).

Jarraian, aurkezleek bide eman zioten lehen mahai-inguruari. Osasun-emaitzei buruzkoa izan zen eta parte-hartzaile hauek izan zituen: Juan Luis Haro, Barakaldo-Sestaoko ESIko medikua; Gaizka Mallabiabarrena, Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIko medikua; eta Xabier Goikoetxea, Donostialdea ESIko zuzendariorde medikoa. Moderatzaile-lanetan Juan Manuel Sanzo aritu zen, gure ESIko Kudeaketa Sanitarioko Unitatearen burua.  

Kafea hartzeko atsedenaldiaren ondoren, jardunaldiaren bigarren mahai-ingurua egin zen, «Zahartze aktiboa» izenburukoa. Urbaneko osasun-zentroko erizaintzako koordinatzaile Lorena Guerrero izan zen moderatzailea. Parte-hartzaileak honako hauek izan ziren: María Consuelo Verdes, Zuazoko osasun-zentroko erizaina; Alejandra Asensio, Sestaoko Udaleko gizarte-langileen burua; Itziar Mena, Barakaldoko Udaleko adinekoen saileko burua; eta Joseba Koldobika Bilbao, Kutxabankeko Heldutasun Aktibo eta Familiako koordinatzailea.

Hitzaldietan hainbat maila instituzionaletako proiektuak jorratu ziren, guztiak ere zahartzaro osasuntsu bat sustatzeko helburuarekin. Oso interesgarria izan zen hori. Izan ere, zahartze aktiboa da Barakaldo-Sestaoko ESIko bost erronka estrategikoetako bat: «2. erronka: Arreta integratua kronikotasunari, zahartzaroari eta mendekotasunari erantzuteko».

Azken hizlaria Ricardo Franco Vicario Bilboko Zientzia Medikoen Akademiako presidentea izan zen, zeinak laneko nekearen sindromea edo burnout delakoa jorratu zuen. Amaitzeko, umore-ukitu bat izan genuen Virginia Imaz clownaren eskutik. Jardunaldiaren laburpen bat egin zuen, bertaratuen irribarreak piztuz. Azkenik, Julen Ballestero Zárraga Barakaldo-Sestaoko ESIko zuzendari gerenteak eman zion amaiera ekitaldiari.

Jaurdunaldiaren argazki guztiak hemen

Erlazionaturiko Loturak

  1. Argazki guztiak Intranetean

ELKARRIZKETA: Juan Manuel Sanzo, Kudeaketa Sanitarioko Unitateko burua

Juan Manuel Sanzo gure ESIko Kudeaketa Sanitarioko Unitateko burua da joan den otsailaz geroztik. Medikuntzako eta Kirurgiako lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean, Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko espezialista Bruselako Unibertsitate Librean eta Enpresen Kudeaketarako Masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean. Prestakuntza zabal horretaz gain, Sanzok 30 urtetik gorako esperientzia dauka Osasun Saileko eta Osakidetzako mediku gisa. Aldi berean, irakaskuntza- eta ikerketa-lanak egiten ditu UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoaren arloko irakasle elkartu moduan.

40 artikulu baino gehiagoren egile eta egilekidea izateaz gain, bere zaletasunetako batzuk egiteko ere denbora hartzen du Sanzok; besteak beste, mendian ibiltzea, zinema, irakurketa eta historia.

Hasi zinenetik gaur egun arte, zein izan dira osasun inguruan antzeman dituzun aldaketarik garrantzitsuenak?

Urte hauetan aldaketa sakonak izan dira, bai kudeaketari dagokionez, bai osasun-sistemaren eta informazio-sistemen ikusmoldeari dagokionez. Garapen teknologikoari esker historia kliniko digital bakarra daukagu eta papera albo batera utzi dugu. Segurtasun klinikoan, kalitatean eta efizientzian hobetu dugu. Bestalde, osasun-sistemak erreferentea aldatu du poliki-poliki eta gaixo kronikoa jarri du sistemaren erdigunean. Gizarteko aldaketa demografiko eta sozial sakonekin batera, osasun-sistema ere egokituz joan da zerbitzu eta lan egiteko modu berriak sortuz; besteak beste, etxeko ospitalizazioa, gaixo kronikoen arreta eta zainketa aringarriak. Hori guztia ahaztu gabe osasunaren prebentzioak eta sustapenak gero eta paper garrantzitsuagoa dutela.

Zer elementu (edo arlo) sartzen dira kudeaketa honetan?

Kudeaketa Sanitarioko Unitatea osasun-erakundeen egitura da, eta zerbitzuek eta unitateek ongi funtzionatzeko oinarria eta kudeaketarako laguntza ematen ditu; batez ere, gaixoak hartzeko lekuetan, dokumentazioan eta historia klinikoetan, informazio-sistemetan eta PEAZen (Paziente eta Erabiltzaileen Arreta Zerbitzua). Aldi berean, zuzendaritzarekin batera lan egiten du unitateen eta zerbitzuen kudeaketa klinikoan.

ESIan, zer ekintza ari zarete gauzatzen, osasun-kudeaketa hobetzeko?

Proiektu asko ditugu pentsatuta ESIaren plan estrategikoa eta kudeaketa-plana jarraituz; besteak beste, PEAZ berregituratzea eta programa informatiko berria abian jartzea, OSATEGI programa berria (aseguramenduari buruzkoa) abian jartzea, gaixoen harreran integrazioa sendotzea, gaixoen foku-taldeak, bereizmen handiko kontsulten garapena, deribazio-zirkuituen eta kontsulta ez-presentzialen birformulazioa. Informazio arloa indartzea, enfasia honako hauetan jarriz: osasun-esparruko emaitzak (jarduera, irisgarritasuna, segurtasuna eta koordinazioa) neurtuko dituzten adierazleen garapena; kudeaketa klinikoko hitzarmen/kontratuen garapena eta aginte-koadroen jarraipena; gaixo atzeraezinen kudeaketa-plana, korporazioaren jarraibideen arabera; laguntza kalitate programen eta programa kontratua. garapenean eta neurketan (batez ere, kudeaketa aurreratua)...

ORDENAGAILUAK BERRITZEA ETA WINDOWS 10ERAKO MIGRAZIOA

2019ko ekain hasieran ordenagailuak aldatzen hasi dira Barakaldo-Sestao ESIko lehen mailako arretako zentroetan. Guztira 340 ordenagailu inguru dira.

Berritze honek bi alderdi ditu:

Ordenagailuak berritzea, «pantaila atzeko» modeloengatik ordezkatuz. Modelo horrek CPUa pantailaren atzealdean itsatsita dauka eta, beraz, arazo gutxiago izaten da kableekin eta toki gutxiago hartzen dute. Gainera, pantailak orain artekoak baino handiagoak dira eta ordenagailuen prozesadorea eta memoria lau aldiz hobeagoak dira, gaur egun erabiltzen diren modelo zaharrenekin alderatuta.

Sistema eragilea berritzea. Gaur egungo ordenagailuek Windows 7rekin lan egiten dute, Microsoftek aurki utziko dio sistema eragile horren euskarria emateari (2020ko urtarrilean). Ordenagailu berriek Windows 10 ekarriko dute, eta Microsoft Officen bertsioa ere aldatuko da. Aldaketa horien ondorioz, programa guztiak egokitu behar dira (korporatiboak nahiz ESIarenak berarenak), migrazioaren ondoren funtzionatuko dutela bermatzeko.

Lehen mailako arretako berriztatze-prozesua 2019ko azaroan amaitu behar da eta, ondoren, arreta espezializaturako plangintza egingo da.

Migratu beharreko ordenagailu bakoitzarekin zeregin asko egin behar dira, eta pentsatzen dugu teknikari bakoitzak eguneko lau ordenagailu aldatu ahal izango dituela. Hasiera batean teknikari bat izango dugu eta, aparteko gorabeherarik ez bada, beste bat gehiago etorriko da.

Elektromedikuntzako ekipamenduak (Holter gailuak, espirometroak, EKGak…) konektatuta dituzten ordenagailuen migrazioa beranduago egingo da, izan ere, «pantaila atzeko» ordenagailuek normalean ez dituzte izaten konexio egokiak horientzat eta CPUek konexio horiek izan arte itxaron beharko dugu.

Ordenagailu bakoitzarekin urrats hauek egingo dira:

Migratu beharreko ekipoaren ordez behin-behineko ordenagailu bat jarriko da, erabiltzaileak harekin lan egin dezan bere PCaren migrazioa egin bitartean. Ordenagailu horrek funtzionatzeko oinarrizko edukia (programa korporatiboak) eta inprimagailua izango ditu eta posta OWA bidez kontsultatu ahal izango da. Erabiltzaileak saiatu beharko du ordenagailu horren disko gogorrean ezer ez grabatzen, berria instalatzen diotenean galdu egingo baitu. Prozesu horren iraupena gutxi gorabehera bi ordukoa da.

Teknikariak ordenagailu berria bere tokian instalatuko du. Prozesu horrek (zaharra kendu, berria jarri, badabilela egiaztatu…) 20 bat minutu iraungo dituela kalkulatzen da.

Zentro bakoitzean langileen laguntza eskatuko da, teknikarien lana errazteko nahiz ekipamenduen eta kentzeko eta berria jartzeko denboren plangintza egiteko.

Osakidetzak ez du migrazio prozesu horri buruzko prestakuntzarik emango (Windows 10), baina erabiltzaileentzako eskuliburu bat prestatu du eta gure ESIaren intranetean jarri dugu, lotura honetan

«SAN ELOYKO LARRIALDIEN PARTE-HARTZEA SEMES-EN XXXI. KONGRESU NAZIONALEAN»

2019ko ekainaren 5ean, 6an eta 7an Gironan antolatutako SEMES–Larrialdietako eta Emergentzietako Medikuntzako Espainiako Elkartearen XXXI. kongresu nazionalean parte hartu du Barakaldo-Sestaoko ESIko San Eloy ospitaleko larrialdietako zerbitzuak, antolakuntzaren zein ekarpen zientifikoaren aldetik lan garrantzitsua eginez. 

Euskadiko SEMESeko ekografia-lantaldeko koordinatzailea gure larrialdi-zerbitzuko laguntzailea da eta kongresuaren aurreko ikastaroan parte hartu zuen. «Oinarrizko ekografia larrialdietan» izan zen ikastaroaren gaia, hilaren 5ean izan zen eta 100 ikasle joan ziren bertara. Gainera, ekografiari buruzko IV. lehiaketa ere antolatu zuen, zeinak arrakasta handia izan baitzuen publikoaren aldetik: Espainia guztiko 72 fakultatibo, 3na kideko 24 taldetan banatuta. Malagako medikuen taldeak irabazi zuen lehiaketa. 

Larrialdietako zerbitzuko laguntzaileek bi artikulu aurkeztu dituzte, abstract moduan (BBBari eta Bihotzez kodeari buruzkoak), bai eta Kounisen sindromeari buruzko kasu kliniko bat (SCASESTaren eta Anisakisaren erreakzio alergikoaren arteko harremana). 

Are gehiago, esan beharrekoa da, SEMES Larrialdietako aldizkarian argitaratu dutela «Larrialdietako medikuek eginiko ekografiaren prezisioa, segurtasuna eta efizientzia tronbosi benoso sakonaren diagnostikorako ospitaleko larrialdietako zerbitzuan» ikerketa. Lan horretan parte hartu du San Eloyko larrialdietako zerbitzuak estatu mailako beste 13 ospitalerekin batera. Ikerketa berritzailea da, eta ikusi da larrialdietako espezialistentzat konpresio-ekografia baliagarria dela TBSari ekiteko.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Artikulua irakurri

BRONKIOLITIS AKUTUA: Ibilbide Asistentzialaren Mailaketa Tailerra

Joan den maiatzaren 29an, San Eloy OspitaleanBronkiolitis akutuaren ibilbide asistentzialaren mailaketa korporatiborako” lehenengo bilera egin zen, ibilbide asistentziala oso eraginkorra izan dela egiaztatu baita alderdi hauetan:

-Bronkodilatadoreak, antibiotiko eta kortikoide gutxiago erabiltzea.
-Bronkiolitis akutuaren diagnostikoa murriztea 2 urte baino gehiagoko haurren kasuan eta episodioen larritasuna murriztea ere.

Bertan, guztira 53 pertsonek hartu zuten parte, horien artean: LMAko pediatriako unitateetako eta pediatriako larrialdietako mediku erreferenteak, erizaintzakoak, EAGko arduradunak, integrazio asistentzialeko zuzendaritzak eta koordinatzaileak, zuzendaritza medikoak eta ESI guztietako kalitate unitateetako profesionalak. Gainera, Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzak eta Bizkaiko LMAko Ikerkuntzako Unitateak parte hartu zuten.

Informazio-saioa Barakaldo-Sestaoko eta Ezkerralde-Enkarterri-Crucesko ESIetako “Bronkiolitis Akutuaren Ibilbide Asistentzial Integratuaren” taldeak eman zuen. Saioan, arazoaren egungo egoera aurkeztu zuten, Bronkiolitis akutuaren maneiua, familien esperientzia, ibilbidearen gakoak, tresna eta eskakizunak hori inplementatzeko edo mailakatzeko.

Bilera hori abiapuntu, ESI bakoitzak, planteamendu korporatibo baten barruan, bere egitura eta dinamika sortu beharko du, ibilbidea mailakatzeko, 2019an bronkiolitisaren inpaktuari heltzeko beharrari erantzuna emateko.

Ildo horretan aurrera egiten jarraitzeko, egun horretan bertan, laneko bigarren tailer batean, Barakaldo-Sestaoko ESIak eta EEC ESIak jaioberrien bronkiolitis akuturako elkarrekin definitu den ibilbide asistentziala berrikusi zuten. Tailer horretan parte hartu zuten, halaber, Osakidetzako beste ESI batzuetako profesionalek ere. Partaidetza-dinamiken emaitza gisa, jarduteko lehentasunezko lau ildo identifikatu ziren:

- Hedapen-jarduerak profesionalen artean

- Irakasleentzako prestakuntza-jarduerak

- Erizainentzako ekintzak

- Antolakuntza-ekintzak

BARAKALDO-SESTAO ESIko LANKIDEEK PARTE HARTU DUTE MINARI AURRE EGITEARI BURUZKO IV. JARDUNALDIAN

Ekainaren 6an Vitoria-Gasteizen egin zen Minari aurre egiteari buruzko IV. Jardunaldia, “Zer nahi du mina duen pertsonak eta zer jasotzen du?” lemapean. Bertan Isabel Arará Vidalek eta Elena MŞ San José Castrok hartu zuten parte, gure ESIko erizainek, eta “Abordaje del dolor en pacientes pluripatológicos” gaia aurkeztu zuten. Bestalde, LMAko mediku Magdalena Presmanes Losadak ere parte hartu zuen “El extrańo que vive en mí” gaia gidatzeko.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Egitaraua