17. zk Buletina Otsaila   
Aurrerantzean boletina erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Euskera / Castellano
  1. Osasun zentro berria Retuerton [Argazki galeria]
  2. Elkarrizketa: Prebentzioko Teknikari berria, Susana Gomez Alguacil
  3. Lan Osasuna lekuz aldatu da
  4. Ruben Natividadek, kardiologoak, hiru poster aurkeztuko ditu Acute Cardiovascular Care biltzar europarrean
  5. Hitzaldiak: Noiz zure txanda?
  6. SNASPean gertakariak jakinarazteko arazoak: Konponbidea
  7. Identitate Grafikoaren eskuliburu berria: Logotipoen erabilera

Osasun zentro berria Retuerton [Argazki galeria]

Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur, Retuertoko osasun-zentro berria bisitatu du, Jon Darpón Osasun sailburuarekin, Juan Diego Osakidetzako zuzendari nagusiarekin, Julen Ballestero Barakaldo-Sestao ESIko gerentearekin eta Amaia Del Campo Barakaldoko alkatearekin batera.

Iñigo Urkullu Lehendakariak instalazioak bisitatu ditu eta honako hau esan du: “Retuertoko osasun-zentro berria ireki izana zonako auzokideen osasun-asistentzia hobetzeko beste urrats bat da; aldi berean, lehen mailako arreta sendotzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, pertsonengandik hurbilen dagoen arreta”. Retuertoko osasun-zentroa martxoko lehen hamabostaldian jarriko da martxan; 762.000 euro inbertitu dira horretan eta lau kontsulta mediko eta erizaintzako beste lau ditu. Barakaldoko Udalak lagatako lonja batean dago; zentroak ia 6.300 heldu ditu esleituta. Bestalde, La Paz osasun-zentroak jarraituko du 15.806 pertsonari arreta ematen; lehen 22.095 pertsonari ematen zien arreta, Retuertoko zentro berria ireki aurretik.

Osasun-zentro berriak, urtean, batez beste, honako hauek egingo dituela aurreikusten da:

- Medikuntza Orokorreko aurrez aurreko 30.620 kontsulta eta 600 etxera.

- Erizaintzako aurrez aurreko 8.120 kontsulta eta 1.340 etxera

Horrela, Barakaldoko auzo horretako herritarrak aspaldi egiten ari diren eskariari erantzuten zaio; orain arte, La Paz osasun-zentroraino joan behar zuten, kontsulta medikoetara. Osasun-zentro berri horrekin, Barakaldoko osasun-zentroen sarean zazpi daude, guztira; 100.000 pertsonari ematen diete zerbitzu.

Iñigo Urkullu Lehendakariak honako hau nabarmendu du: “lehen mailako arreta sendotzea pertsonen osasun integralaren aldeko apustua egitea eta etorkizuneko beharrei aurrea hartzea da”. Pasa den astean, Osasun Sailak Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia aurkeztu zuen; estrategiaren helburua da euskal gizarteari zerbitzu ematea eta hura osatzen duten profesionalek antolakuntza hobeta izatea. Proposatzen dituen 35 neurri zehatzen artean, osasun-zentro berriak modernizatzeko eta irekitzeko inbertsioak sendotzea aurreikusten da. Lehendakariak esan du aurten  Zuia-Murgiako osasun-zentro berria eraikitzen hastea ere aurreikusten dela, eta Donostiako Aieteko kontsultategi berriaren obretan aurrera egitea.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Albistea Intranetean + Bideoa

Elkarrizketa: Prebentzioko Teknikari berria, Susana Gomez Alguacil

Pasa den urtarrilean Prebentzioko Teknikaria den Susana Gómez lanean hasi zen gure ESIan.  Kimika Zientzietako lizentziaduna da, eta badauka aurreko esperientzia Osakidetzan. Susanak kontatu digu berarentzat motibaziorik handiena dela sentitzea bere jakintzari esker pertsonen segurtasuna handiagoa dela lanean.

Ongi etorri, Susana, aurkeztu labur-labur zure burua, mesedez?

Giro eta pertsonen aniztasuna gustatzen zait. Horregatik atsegin dut bidaiatzea, eta bereziki bestelako kulturak ezagutzea eta hizkuntzak praktikatzea ahalbidetzen didaten lekuetara. Gainera, nire zaletasun handienetako bat igeriketa da, haurtzarotik landu dudana. Irakurtzea ere gustuko dut, nahiz eta gero eta zailagoa den gustatuko litzaidakeen denbora eman ahal izatea.

Zein izan da zure prestakuntza eta lan-esperientzia gurekin lanean hasi arte?

Kimika Zientzietako lizentziaduna naiz, graduondoko prestakuntzarekin (MBA eta Lan Arriskuak Prebenitzeko Masterra). Azken 3 urteotan Lan Arriskuak Prebenitzeko goi-mailako teknikaria izan naiz Osakidetzako beste ESI batean. Oinarri teknikoko prestakuntza badut ere, nire lan-ibilbidearen zati handi batean pertsonen kudeaketan aritu naiz giza baliabideetako arduradun gisa diziplina anitzeko enpresa-talde batean. Aurretik, Erresuma Batuan bizi izan nintzen, ingurumeneko aholkularitza batean lan egin nuelako.

Zer da gehien gustatzen zaizuna prebentzioko munduan?

Pertsonekin harremana izateko aukera eta nire jakintza/esperientzia erabili ahal izatea euren lanean segurtasun handiagoa izan dezaten.

Zeintzuk dira zure funtzio nagusiak?

Nire funtzio nagusia da langileen osasuna babestea, ESIan langile bakoitzaren eguneroko lanean sor daitezkeen arriskuak minimizatzeko, lanpostua edozein izanda ere.

Zelan ikusten duzu prebentzioaren etorkizuna?

Etorkizuna bideratuta dago prebentzioko funtzioak garatzen jarraitzera, langileen osasunean hobekuntzak ekarriko dituztenak. Aurrerakuntza horren helburua da ongizatea modu iraunkorrean hobetzea, bai ingurumenari, bai gizarteari dagokienez; eta Osakidetzak definitzen dituen lerro estrategikoen batera.

Lan Osasuna lekuz aldatu da

ESIko Lan Segurtasun eta Osasuneko Zerbitzua lekuz aldatu da eraikin erantsiko lehenengo solairura (aldagelen ondoan), Informatika Zerbitzua lehen zegoen tokira.

Prebentibako Zerbitzuak leku berean jarraitzen du, eta Lan Osasuna zegoen lekuan (3. solairua) orain, aldi baterako, gizarte langile Ainhoa Isasiren bulegoa egongo da.

Bide batez, gogoratu nahi dizuegu Lan Osasuneko ordutegia hau dela: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:00etara.  Zerbitzuko bulegoan ez badadaude, deitu mesedez 884640 zenbakira.

 

Erlazionaturiko Loturak

  1. Laneko Segurtasuna eta Osasuna Intranetean

Ruben Natividadek, kardiologoak, hiru poster aurkeztuko ditu Acute Cardiovascular Care biltzar europarrean

1) Egun on. Azaldu, mesedez, zer den joango zaren biltzar europar hori?

Acute Cardiovascular Care da, Kardiologiako Elkarte Europarrak antolatzen du, eta aurten Malagan egingo da. Bihotzeko gaixotasunen fase akutua landuko du: infartua, shocka...                                       

2) Bertan posterrak aurkeztuko dituzu. Komentatuko diguzu, mesedez, kardiologiaren barruan nolako gaiak jorratuko dituzun?

Hiru poster aurkeztuko dira hiru kasu klinikoen gainean.

Lehenengoa, bihotzeko gutxiegitasun akutuaren debuta da, diagnostiko sakon diferentziala behar izan zuena eta, azkenean, diagnostikatu eta ebakuntza arrakastaz egin zioten feokromozitoma extra-adrenala tratatzeko.

Bigarrena, gutxiegitasun aortiko masibo akutua eta blokeo aurikulobentrikular osoa, ANCAri lotutako baskulitis sistemika duen paziente batengan.

Hirugarrena, takikardia bentrikular sinkopala duen pazientea da, eta azterketa ekokardiografikoan masa bat diagnostikatzen da eskuin-bentrikuluaren miokardioan. Horren zergatia askotan izaten da bihotzetik kanpoko lehen mailako tumore baten metastasia.

3) Orain dela gutxi etorri zara gurera, Gurutzetako Ospitaletik. Ze espero zenuen eskualde-ospitale honetan aurkitzea, eta zer aurkitu duzu?

Ospitale honetan espero nuen aurkitzea espezialitateen arteko integrazio handiagoa eta pazienteengandik hurbilago dagoen tratua. Oso zerbitzu dinamiko eta parte-hartzailea topatu dut, eta bertan denok egiten ditugu solairua, kontsultak eta proba osagarriak.

Elkarrizketa hau San Eloy Ospitaleko Larrialdietako Adjuntu Juan José Zafrak egin du.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Acute Cardiovascular Care

Hitzaldiak: Noiz zure txanda?

Badakizuenez, hilean behin lankide batek hitzaldia ematen digu bere lan bizitzako zerbait kontatzeko. Helburua da zuen eguneroko lanean euskara erabiltzera animatzea, frogatzea egin daitekeela. Beste lankide batzuek egiten badute, zuk zergatik ez? Noiz zure txanda?

Gainera, beste lankide euskaldun batzuk ezagutu eta beraiekin harremanak sendotzeko aukera izango da, euskara bultzatzeko topagunea.

Parte hartzaileek Prestakuntzako ziurtagiria jasoko dute.

Gogoratu nahi dizuegu aurreko urteetako hitzaldi guztiak, baita aurten egiten ari garenak ere, grabatzen direla, eta intraneteko ibilbide honetan ikusgai dituzuela: Profesionalak-Euskera-Hitzaldiak

Hauek dira hurrengo hitzaldien datak, zuen lan-ordutegia denboraz antolatu ahal izateko:

MARTXOAK 27   

MAIATZAK 8 eta 29         

EKAINAK 19

Anima zaitez parte hartzera, eta zure erakundeko beste lankide euskaldun batzuk ezagutzera. Hitzaldi hauetan izena emateko, bidali zure datuak posta elektroniko honetara, mesedez: guillermo.gonzalezzamanillo@osakidetza.eus

Erlazionaturiko Loturak

  1. Gehiago irakurri

SNASPean gertakariak jakinarazteko arazoak: Konponbidea

Antzeman dugu zuetako batzuek arazoak dituzuela gertakariak SNASPen bidez jakinaraztean. Zehazki, arazoa agertzen da aukeratu behar denean non sortu zen gertakaria, lekua aukeratutakoan, ez delako “onartu” aukerarik ematen. Hori gertatzen da pantailaren zooma aktibatuta dagoelako. Desaktibatu eta ONARTU edo EZEZTATU aukeran klik egin ahal izateko, “CTRL” eta “-“ (minus zeinua) komandoak sakatu behar dira teklatuan.

Zalantzarik edo bestelako arazorik izanez gero, jar zaitezte harremanetan Kalitate Unitatearekin.   

Erlazionaturiko Loturak

  1. SNASP sarbidea

Identitate Grafikoaren eskuliburu berria: Logotipoen erabilera

Osakidetzak argitaratu du bere Identite Grafiko Korporatiboaren eskuliburu berria. Dokumentu honek Osakidetzaren marka berritua aurkezteaz gain, zuzen erabiltzeko arauak definitzen ditu. Adierazi nahi dizuegu Osakidetzaren marka derrigorrez erabili behar dela ESIak editatzen dituen jakinarazpen, irudi-elementu edo argitalpen guztietan.

Bai eskuliburu berria, bai argitalpenetan (posterrak, foiletoak, triptikoak...) txertatu beharreko logotipoak, intraneteko lotura honetatik har daitezke:   Komunikazioa- Logotipoak eta aurkezpen ereduak